XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gehienetan, hizkera ez du aukerarazten hizkuntzaz kanpoko egoerak, hau da, espazio-denborazko faktoreek. Badira eztabaida erabat ofizialak tupiaren mugimendua aztertzeko, eta hitz egin daiteke erlatibitatearen teoriari buruz hondartzan, edo politikaz mintzatu udal-kiroldegiko kantinan. Ez dut uste aingeruen sexuaz hitz egiteko egoera egokienik dagoenik.

Erabateko askatasuna eta arau zorrotzak, bi mutur horien artean egoerak eraman dezake hiztuna behin hizkera berezi batera eta hurrengoan beste batera: seguraski posta-bulegoan maizago aitatuko dira seiluak harategian baino, eta kafetegian kirolak eta eguraldiak gehiagotan ematen dute hizpide musika barrokoaren ñabardurek baino.

Labur esateko, zenbait kasu gutxi eta jakin batzuez kanpo hiztuna eta solaskideak dira komunikazio-egoerako faktore nagusiak. Askotan, horien historia komunak, ordura arte bizi izan dituzten gorabeherek eragin handiagoa izango dute elkarreraginean uneko egoerak baino.

Komunikabidea, azkenik, hitz horren bi esanahietan hartuta, kodea eta kanala, ez da garrantzirik gabekoa. Bi pertsonak kode bera erabiltzen ez badute, handia da komunikazioa eteteko arriskua. Ezagunak dira goi-burgeseriatik ateratako politikoek entzule langileei ezer adierazteko dituzten zailtasunak, eta jakina da testu juridikoak jeneralean oso ulerkaitzak izaten direla gai horretan trebatu gabeentzat.

Hitz batean, politikoak eta langileak, legelariak eta ez-legelariak ez dira kultura beraren jabe eta ez dute hizkera bera erabiltzen. Hori askoz ere argiago ageri da hizkuntzaren erabiltzailea jatorrizkoa ez denean: hizkuntzaren ezagutza murritza duelako, bai, baina baita beste kultura batekoa delako ere, ez du jatorrizkoen kode bera erabiltzen, eta horrek maiz aski oztopatu egiten du batak eta besteek elkar ulertzea.

Kanala da bestea; ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ditugu, eta banaketa horri atal gehiago egin dakizkioke. Ahozko komunikazioan, telefonoz edo mikrofonoaren aurrean hitz egiteak izango du seguraski erabiliko den hizkeran eragina eta testu pribatu bat ez da jendaurrean irakurriko den beste bat bezala idatziko.

Laburtuz, faktore horien guztien elkarreraginak markatuko du hizkuntz baliabide egokien aukera.